Aukeratutako atala ◊ Bittor Kapanaga ◊

• Astelehena, Abuztua 21st, 2023

Datorren irailaren 3an, domekan, Kapanagazaleen Taldeak Bittor Kapanagari buruzko bisita gidatu bat antolatu du.

Helburua Bitorrek egindako ekarpena modu atseginean ezagutzea da eta, horretarako, herrian zehar ibilalditxo bat egingo dugu eta, amaieran, berak idatzitako kantaren bat abestuko  dugu denon artean. Azalpenetan ere Bittorren bizitzaren pasarte batzuk aipatu dira, orduko egoera hobeto ezagutzeko.

Bittorren ekarpena arlo askotan izan da:

– Euskeraren jatorria: bere hiru substratuen teoriak hitz asko azaltzeko bide eman digu eta zertzelada batzuk ezagutzea garrantzitsua da. Adibidez, IZ erroaren oparotasuna argi zentzuan (IZetu, pIZtu, IZarra, IZtant…), su zentzuan, uraren zentzuan… edo ABA erroa senidetasuna adierazteko (nEBA, arrEBA, alABA, izEBA, osABA…) edo beste erroena: AR/UR, IL, GE… Edo zergatik “euskera” proposatu zuen baturako eta ez “euskara”. Edo “garapena” terminoa zelan propusatu eta zabaldu den batuan…

– Euskal kultura: arlo askotan laguntzen ibili zen: Durangoko Azokan, kantagintzan…Berak idatzitako kantak, adibidez kantari hauek abestu zituzten: Gontzal Mendibilek, Niko Etxartek, Josu Zabalak, Patxi Villamorrek, Txomin Bengoak

– Euskal mundu ikuskera: bere “Euskaldunon ikuskera” liburua oso sakon eta aberatsa izan zen, arlo askotan ikuspegi txundigarriak eskainiz: euskaldunen erlijio zaharra (akelarreren asmakizuna okelerrearen ordez), aran…; hiru zuhaitzen kultura (aritza, lizarra eta urkia), bi iberiak, egun eta hilabeteen izenak, mediterraneo inguruko zibilizazio zaharrak, koloreen mundua, kosmoikuskera ur, su eta zuraitzaren bidez…

– Herrigintza: arlo askotan ekarpen interesgarriak egin zituen: kooperatibak (etxea, tailerra) bultzatu, zinema sortzen lagundu…

Kapanagazaleon Taldea

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Otsaila 03rd, 2012

Osagaiak: ur+din

Esanahia: uraren antzekoa

Bilakaera:
- ur+din
- urdin

Azalpena: “din” atzizkia antzekotasuna adierazten du, berdin hitzan bezala (bera+din>berdin)

Egilea: Bittor Kapanaga eta beste zenbait

Iturria: Royalty Free Photos and Pictures

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Azaroa 07th, 2014

Bittor Kapanagaren liburuaren aurkezpena

Elexpuru Sustatu Deia

Gaur Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzaren aretoan Bittor Kapanagaren lanak biltzeko asmoz egin den lehenengo liburua aurkeztu da.

Bertan, Bittor ezagutu zutenen zenbait lagun izan dira: Euskaltzaindiko Jose Luis Lizundia eta Xabier Kintana, Antton Mari Aldekoa-Otalora Gerediaga Elkarteko partaidea, Juan Martin Elexpuru idazlea, Aintzane Lazkano Bittorren lanak txukuntzen ari dena eta Gontzal Mendibil kantaria, besteak beste.

Liburu honetan, otxandiarraren 5 lan argitaratu dira, hizkuntzari eta euskal mundu ikuskerari buruzkoak. Horietako bi lan argitaratu ziren aspaldi: Euskera erro eta gara bere teoria eta uste nagusiak eta Testu zahar baten bitxitasunak Refranes y sentencias liburuko esaera batzuen interpretazioaz. Beste hiru lan inoiz ez dira argitaratu: Euskera batua eta euskalkiak, Euskaldunen ikuskera eta Initza, Euskal aditzari buruzko saiakera.

Ikerle honen lanak zabaltzeko lanean dihardutenek esan dutenez, asmoa da gainerako lanekin, hala nola, olerki, saiakera, gutun, artikulu eta abarrekin bigarren liburu bat argitaratzea da.

Jose Luis Lizundiak aurkezpenari hasiera eman dio. Kapanaga egon zen leku bakoitzean zer nolako arrastoa utzi zuen aipatu du, euskalduntze eskolak, kultura, industria, etxegintza… non ez zen sartu:

Bittor Eibarren: Juan San Martin, lmanol Laspiur, Serafín Basauri, Gabriel Aresti. Nekez uler daiteke Bittor Kapanaga Eibarko euskaltzale horiekin harremanak  kontutan izan gabe. Horrek emango baitio bere izaera progresista, nik uste.

Bittor Otxandion: zinean, etxegintzan, industrian. Horretan zebilela, 60 hamarkadaren hasiera inguruan, bertan erakutsi zidan berak sortutako eta eraikitako zinea – asko zen garai hartan Otxandio bezalako herri erdi isolatu batek zinema bat – baita kooperatiba legez egindako etxeak. Herriko sarreran dagoen fabrika, une honetan MCC taldekoa, hamarkada horretan berak sortua da.

Bittor Gerediagan: 1965 sortu eta laster,  1967an  zuzendaritzako kide, Euskal Liburu eta Disko Azokaren partaidetza, Zaldibarko Antzerki Jardunaldiak, Kirikiñoren mendeurrena, DIBA, “Sanblasetako” Feria, Ardi Txakurren Txapelketa, “Baserri Saila”. Datorren urtean beteko dira 50 urte eta elkartearen historia egiten diharduenari hasierako xehetasun zenbait emanak dizkiot. Berak, Jon  lrazabalek  garatuko  ditu  Bitorrekiko partaidetza eta hor ibiliko da hurbil Anton Mari ere.

Bittor eta euskara eta euskara batua. 1963an Euskaltzaindiaren Arantzazuko Biltzarrean. 1968ko Biltzarrean, han bertan, erakundetzen da euskara batua, baina, lehenagotik, Baionako Euskal ldazkaritzan hasten da euskararen estandarizazioa, Txillardegi, San MartĂ­n eta beste, ez dakigu zoritxarrez nolako partaidetza izan zuen eta, zoritxarrez, inor ez digu kontatuko. Baina, Ermuan, Gerediagaren elkartearen bidez eratu ziren gerra osteko tehen Euskal ldazleen Biltzarrean, 68 urte bereko ekainean, elkartearen zuzendaritzako genuenez, ez zen geldirik egongo.

Bittor eta nekazaritza. Aipatu dut Gerediagaren  barruan  edo inguruan Durangaldean egin zuen lana. Eta eskualdetik kanpo. Ezagutzen da nola izan zen lturriaga-Dañobeitia

Ondoren Antton Mari Aldekoa-Otalorak hartu du hitza eta kultur transmisioari eman dio garrantzia. Durangaldean, esaterako, aurreko belaunaldiek Arresebeitia edo Astarloaren arrastoen berri bazuten ere, gaur egun, inork gutxi daki nor izan zen Bittor Kapanaga, zer egin zuen, ze arrasto utzi zigun hainbat arlotan. Badirudi gaur egun komunikazio tresna eraginkorragoak ditugula baina zenbait kontu garrantzitsu, kasu honetan, euskal kulturako pertsona adierazgarrietako bat, ez da bat ere ezaguna.

Juan Martin Elexpuruk, liburuaren edizio lanen ardura hartu duen pertsonak, lan honen osagaiei buruzko xehetasun guztiak eman ditu: bost lan hauen garrantzia, erabilitako irizpideak argitalpen hau egitean, bakoitzaren eduki nagusiak, etab.

Aipatutako gauza askoren artean, Bittor Kapanaga definitzeko berak entzundako izendapenak aipatu ditu: aztia, orakuloa, txamana… Izan ere, arlo askotan aitzindari itzela izan zen, enplegu sorkuntzan, kultur sutapenean zein euskeraren ikerketan.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Uztaila 24th, 2011

Osagaiak: osagai nagusia: “aba”

Esanahia: familiaren inguruko berbak

Bilakaera:

- asaba = asi-aba (arbasoa). as ahoskia “hasiera” ustea adieraziko luke: as-i. Hau da, hasierakoak

- ozaba = oz-aba (osaba)

- izaba = iz-aba (izaba, izeba). iz ahoskia (izatasuna), izeko eta aizpan bezala

- iloba = il-oba. il ahoskia du

- alaba = al-aba. al ahoskia  ar-en aldakia izan daiteke. Hau da, “aba”ri jarraipena emateko gaitasuna duena, umeak egiteko gaitasuna duelako

- arreba = ar-eba.  ar ahoskia du

- neba = n-eba. Agian: eme-aba->emeba ->meba->neba

- ugazaba = ugatz-aba. ugatz: beste ama baten (amaordea) esnez hasitakoa. Hau da, “ugazaba” jatorriz amaordea izendatzeko erabiltzen zen. Gero, langileak dituen pertsona izendatzeko aldatu zen.

Azalpena: “aba” familiarekin zerikusia duten hitz askoren osagai nagusia dugu

Izenkideak: asaba, osaba, izeba, iloba, alaba, arreba, neba, ugazaba

Egilea: Bittor Kapanaga

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 3.0/10 (1 vote cast)
• Astelehena, Iraila 20th, 2010

Osagaiak: egu + hizkera

Esanahia: hizkera ona, argia

Bilakaera:

- egu+hizkera

- euskera

Azalpena: egu, argiaren sinonimoa izanik, hizkera argia adieraziko luke

Egilea: Bittor Kapanaga

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 4.0/10 (7 votes cast)
• Astelehena, Uztaila 18th, 2011

Erro eta gara liburutik hartuta:

Jo dezagun euskeraren sortze aurratiko girora ata egin de­zagun, sortze horri dagokionez, nola izan eikean aditzaren taiu­tze hori. Lehenago esan dugun bezela, astiro eta milaka urteen zehar gertatuko zan ‘edo gertatu behar izan du; beste adieraz­penik, gaur, barregarri edo fantasiakoi litzake.

Eta hastapenaren hasieran, ez zan izango gaur ohi dugun bazela, pertsonen bereizketarik; hizketan, pertsonen kokatzeari buruz egin ohi dugun bereizketa esan nahi dut (ni, hi, ha; gu, zu, haiek). Hiru “pertsona” bereizte hori eta izenordekoak ere hiru beroieri egokitzea, “irazankeria’” bat dugu, zuzenago edo okerrago egina baina edozela ere, gramatikalarien asmakizuna.

Nik uste dut “pertsonak”, bi bakarrik direla: ni eta hi, askotasunaren eraginez gu eta zu bihurtzen direnak. Bestea, hirugarrentzat joten duguna, (eta lehenena izanki) orokorra dugu, izaki eta gizaki guztientzat berdin balio duena. Esate hau zalan­tzan jartzen duen edonork, egin beza proba euskeraren espa­rruan (eta uste, dut beste hizkera gehienak ere berdintsu izango direla) eta honetaratuko dala uste dut.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 2.0/10 (1 vote cast)
• Astelehena, Urria 26th, 2015

Hemendik Durangoko Azokara euskeraren jatorriari buruz idatzi diren liburuen berri emango dugu eta menu berria sortuko dugu informazio guzti hau jasotzeko. Atzekoz aurrera hasiko gara, argitaratu diren azken liburuen berri ematen eta atzerantz joango gara piskanaka.

“Bittor Kapanagaren lan guztiak” liburuan Kapanagak hizkuntzalaritzari egindako lan nagusiak jaso dira. Bittorrek hiru iturburuen teoria sortu zuen eta beraren bidez 500 hitz garrantzitsuen etimologiak proposatu zituen. Bere ustean hitzek hiru egoera adierazten dute: izatasuna (izatea), egintza (egitea) eta getasuna (ukoa, ezetza, geldoa…). Sei hitzetan bizitza laburtu zuen hiru erro hauen bidez: IZ (izatea), IN (egitea) eta IL (hiltzea).

Euskal mundu ikuskera ere sakon landu zuen eta Euskaldunen ikuskera liburuan hainbat kontu proposatu zigun koloreez, zuhaitzez, eta abarrez.

2014an argitaratutako liburu honetan, Bittoren bost saiakera hauek irakurri daitezke:

Euskera erro eta gara bere teoria eta uste nagusiak

Testu zahar baten bitxitasunak Refranes y sentencias liburuko esaera batzuen interpretazioaz

Euskera batua eta euskalkiak

Euskaldunen ikuskera eta Initza

Euskal aditzari buruzko saiakera

Informazioa:   Jatorria Elexpuru Sustatu Deia

Liburua eskatzeko: euskerarenjatorria@mail.com-en bidez edo Durangoko Azokan Gerediagako standean.

Prezioa: 20 euro (bidalketa barne)

Eskaerak:

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteazkena, Iraila 25th, 2019

Kapanagazaleen taldeak Bittorrek hil ondoren utzi zituen paperen kutxak aztertu eta hainbat agiri garbira pasatu eta Otxandioko Udalaren laguntzaz blogera igo dituzte: Kapanagaren bloga.

Gauza batzuk hemen jarriko ditugu, adibidez, etengabe atzerantz euskeraren jatorrira begira egon zen pertsona batek zelan ikusi ahal eban etorkizunerantz horrenbeste. Izan ere Bittorrek Otxandioko bizitzan garrantzitsuak izan ziren Talleres Otxandiano, Etxegile etxe kooperatiba eta Arrese zinemaren sustzailea izan zen:

Otxandioren alde

Bittorrek eragin handi-handia izan dau Otxandixon. Gehien ikusten diranak hiru izan dira: Talleres Otxandiano, Etxegile etxeak eta Arrese zinema baina ikusten ez diran baina arlo garrantzitsuak Euskerea, Kulturgintza eta Kazetaritza izan ziran:

    Talleres Otxandiano (ondoren Rochman  eta gero Ulma Conveyor bihurtuta), herriko sostengu ekonomiko garrantzitsua
    Etxegile etxebizitza kooperatiba, gaur egun zutunik dagozan etxe multzoak
    Herriko zinema, Arrese, gaur egun ez dagoena
    Euskerea: Eibarren euskera eskolak, Euskaltzaindia, jatorriaren ikerlanak…
    Kulturgintza: jaiak, Olentzaro, Gerediaga
    Kazetaritza herriko kronikekin: Argita, Anaitasuna…

      Sei arlo hauek ederki laburtzen dabe Bittorrek izan eban ikuspegi orokorra: lana dirusarrerak izateko, etxea bizitzeko, zinema astirako, euskerea gure nortasunerako, kulturgintza garena izateko eta kazetaritza herria ezagutarazteko.

      Talleres Otxandiano

      Bittorrek Eibarren gauza asko ikasi baina herrira itzultzean egoera sozioekonomiko eskasa ikusi (jende asko Gasteizera emigratu….) eta zerbait egitea pentsau eban. Horretarako 17 lagun batu ziran eta enpresa kooperatibo bat sortu eben 1958ko udagoienean, garai hartan mugimendu kooperatiboan eragin handia izan eban baina gutxitan aipatu gura dan Andoni Espartzaren laguntzari esker (Elorrioko Funcor enpresaren burua).

      Espartzak lagundu eutson Bittori gauzak bideratzen (baimenak…) beheko gutunean ikusten dan moduan eta gero, garrantzitsuena, Funcorrek lan pilo eman eutson enpresa barriari bere bideragarritasun ekonomikoa ziurtatu arte. Horrela, 7 urtez, 1965 arte Funcor izan zan Talleres Otxandianoren bezero bakarra.

      Enpresa sortu ahal izateko bazkide guztiek 50.000 pezeta jarri eben eta horrez ganera herrian 5.000 pezetako partaidetzak eskaini ebezan. Otxandiar askok dirua jarri eta laster jaso eben, interesekaz, enpresa ondo ibili zalako.

      Arenaza eta Letona (Talleres Ochandiano kooperatibaren kontuak) (1958-1959)

      Gaur egun enpresa haundia da Otxandion eta hiru lantegi dauzka meatzaritza, mantenu eta enbalaje arlorako bana.

      Ekonomi alorra sustatzeko berrikuntzari garrantzia emon eutson eta Abadiñoko San Blasetan betiko sariei emoteaz ganera gauza barrietarako sari bat egotea proposatu eban, sektorean berrikuntza bultzatzeko.

      Etxegile etxe kooperatiba

      Hau beste ekimen garrantzitsua izan zan etxe gabezia konpontzeko. Horri buruz oraindik datu asko falta jakuz baina estatutuak bera egiten egon zan eta hori bultzatzen.

      Etxegile etxe kooperatiba abian jartzeko gestioak Bittorrek etxe kooperatiba bat abian jartzeko estatutuak egin ebazan eta aldaketa batzuk izan ebazan.

      Arrese zinema

      Emilio Donado Maisuagaz eta apaizagaz batera zinemaren proiektua gauzatu eban. Herria berpizteko ekimen garrantzitsua izan zan. Herri integrala gure eben, denetik eduki.

      Zinema egiteaz gain filmak euskeraz jartzeko bilera batzutan be egon zan, bata Madrilen, beheko gutunetan ikusten dogun moduan:

      Otxandioko Arrese zinema kudeatzeko gutunak (1962-1971)

      Pelikulak euskerara itzultzeko gestioak (1971)

      Euskerea

      Euskera batuaren sustzaile garrantzitsua izan zan eta baita euskeraren jatorriaren ikerle haundia. Herrian euskerea bultzatzen saiatzen zan gazteei euskerarekiko maitasuna pizten.

      Garaiko euskerearen munduko eragile gehienekaz harreman estua izan eban: Lazpiaur, Juan San Martin…

      Kulturgintza

      Kultur arloan eta euskeran bereziki ekimen asko-askotan parte hartu eban Bittorrek. Bere ezagun batek esan eban moduan: zerbait baegoan nonon, hor ikusiko zenduan Bittor: idazleen alkartean, Gerediagan, baserriak bultzatzeko zerbait egiten, herriko eskolan Olentzarori buruzko gauzak kontetan…

      Kazetaritza

      Herriari buruzko kronika asko idatzi ebazan Argian edo Anaitasunan argitaratzeko:

      Txapel Eguna Otxandioko jaietan Gerediaga alkarteari esker herria, jaiak eta euskerea zelan berpiztu ziran

      Gaur egun

      Alkate-berria (1976)

      Los hijos de Amandarro Bizkaitarrok ezagutu beharreko historia, gure askatasunerako oso garrantzitsua

      Olentzaro Otxandion 3 egunetan antolatu zenekoa

      Otxandioko kontuak

      Otxandioko ekaineko ohiturak: San juanak bi bider ospatzearen atzetik zer ote dago?

      Otxandioko Gabonak

      Txapel Eguna Otxandioko jaietan Gerediaga alkarteari esker herria, jaiak eta euskerea zelan berpiztu ziran

      VN:F [1.8.8_1072]
      Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
      • Astelehena, Urtarrila 07th, 2019

      Gabonak amaitu dira eta berarekin batera bi artikulu ekarri ditugu, Olentzerori buruz. Lehenengoa Bittor Kapanagak idatzitakoa da eta bertan Barandiaranen proposamen etimologikoa ekarri du gogora: Oles aroa, oles egiteko aroa (agurtzeko aroa). Beraz, bere ustez ere, Olentzaroa egokiagoa litzateke. Ondoren Felix Mugurutzak Deian gazteleraz egindako artikulua, non esaten duen pertsonaia bat baino Gabonetan erretzen den egurra ordezkatzen duela.

      Bittor Kapanaga: Olentzaroa

      Joan diran Gabonak egundoko jatorrenak izan dira gure artean. Eta esanbeharrezkoa da , jai eratze, arte kontu ta musika gaiak (eta euskereak era batez) auspo indartsu bar daukela Otxandion: Don Emilio, eskolako irakaslea, gaztea ta erriko semea, dana bihotza ta sensibili-dadea. Aurten, San Tomas egunean Olentzaro ateratzea otu jakon. Batzuek, ez egoala astirik esaten eben;  baina gazteontzako ez dago ezinik. Hiru egunean, baimenak, kantu saioak eta behar zan guztia.

      Gabon bezperan, Olentzaroari buruz itzaldi bat. Olentzaro zer dan esate zaharretan: menditik jaisten dan sugin bat, ahurpegi baltz, begi gorri eta besapean ota edo ginarra txorta bat. (Mozkorkeria, geroago erantsitakoa da). Izena: “Olentzaro”, Barandiaran eta beste jakitun gehienak dinoen legez, eta ez erdal kutsuzko “Olentzero”. Eginkizuna: etxerik etxe Gabon suak izetu, eta Mesiasen etorrerea gomutarazo holan. Izenaren etimologia: Barandiaranen eritxiz, “Oles Aro”, edo etxerik etxe oles egiteko aroa.

      Barandiaranek berak, orain amabi urte inguru, Olentzaro dala ta, Donostian egin eban itzaldi baten, hauxe esaten eban: mito hori ez dala personaje bat edo jainkoizun bat. Bere eritxiz, urtearo baten gomutagarrari bat baino ez dala, urte garai bat adierazoten dauala, Gabon garaia, alegia. Eta bide horretan, “Oles Aro” da gure Gabonen deiturarik egokiena, sasoi hori dalako oleska ibilteko aroa.

      Felix Mugurutza: Sobre el Olentzero como sĂ­mbolo del solsticio de invierno

      VN:F [1.8.8_1072]
      Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
      • Osteguna, Abendua 20th, 2018

      Bittor Kapanagaren blogean Andolin Eguskitzarekin gurutzatu zituen gutunak irakurri daitezke:

      “… Gaur gure Euskalerri bedeinkatu honetan gehienek  aurreretxiz  beterik irakurriko daue; batzuentzat, irakurten  hasi  baino lehen,  horko guztia. egia  izango da;  eta  beste batzuentzat,  dana fantasia. Gutxi izango dire  zientzia  begiradaz irakurriko  dauenek. Horregaitik, Txillardegi, Laspiur eta zu, iruron eretxiek behiñenak izango jataz.

      Uste dut, liburu honen eragiña,  euskal mundurako baino, atzerrirako haundiagoa izango dala;  indoeuropar hizkeren  azterbiderako ere  baliotsua  izango  dala  uste  dut. Honetaz jardungo dogu geroago…”

      “… Baditut  berri hobeak ere: Barandiaranek, oso inpresio onak dituela liburuari buruz, esan dit atzo berton. Ez berak ateratako inpresioak, besteak eman dizkienak baino. Baina ez genuen izan zehaztasunerako astirik, omenaldi baten burrundarapean elkar ikusi bait genuen. Irizarren eritzia, uste dut esan nizula, arras ona da. Zehazki irakurri ondoren, atalez atal atera duen inpresioa adierazi dit. Eta beste zenbaitek ere, teoria hauek onarturik, aurrerantz bultzaerazi nahi naute. Atzo, batek esan zidan, liburu horretako zenbait gauzaz harriturik ere, beste zenbait ez zituela onartu; eta bere ama zaharrengana, baserrira jo zuela; eta amak harrituago utzi zuela: bizkerra zaihetzak zirela sorbalda “espalda” zela esan omen zion…”

      “…Oraingoan ere, “zezenko” izan da garrasika hasi den bakarra. Suak hartuta ibili omen da, “berea” behar luken aldizkariak horrelako gauza lotsagarriak argitaratzen dituelako. Erasoaldi gogorra egin dio horretaz Rikardori. Durangoko Azokan ikusi nuen zezenkoa igan astean, eta sutan bezela zebilen. Nireagatik izango zela pentsatu nuen baina huts egin nuen. Oraingoan beste zerbait zuen, astean bertan bere tesisa irakurria zuen eta “cum laude”aren ordez juxtu-juxtuko zerbait eman omen zioten. Beraz, nigaz adiskidetzeko gertu zegoen, “Oreretako kabroiari” sua ematen laguntzekotan, berori izan omen baitzen “cum” delakoa putzura botatzeko eragilerik bizkorrena. Beraz, badakizu nolako jendea dabilen gure baratzean….”

      VN:F [1.8.8_1072]
      Rating: 0.0/10 (0 votes cast)