• Osteguna, Otsaila 26th, 2015

Atzo asteazkenean SOS Iruña-Veleiak elkarretaratzea egin zuen Batzar Nagusien aurrean. Elexpururen blogean zehaztzen denez Radio Vitoriak baino ez zuen eman nahi izan albistea. Hauxe eskatu zitzaien Arabako Batzar Nagusietako kideei:

Arabako Foru Aldundiak, 2008ko udazkenean hartutako erabaki baten bidez, ofizialki faltsutzat jo zituen 2005 eta 2006ko jardunaldietan Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako “ezohiko grafitoak” (400 inguru), eta indusketa-baimena kentzea erabaki zuen Lurmen S.L. enpresari. Handik gutxira, zigor-espedientea irekiz, auzibidean jarri zituen enpresa horretako hainbat kide eta kolaboratzaile.

Sei urte igaro dira gaia auzitegian sartu zenetik, eta oraindik instrukzio fasean jarraitzen du. Bitartean Lurmen S.L.ek 20 txosten aurkeztu ditu epaitegian, non hainbat herrialdetako adituek adierazten duten arkeologoen jarduera egokia izan dela edo/eta grafitoak benetakoak liratekeela.

Jasanezina da egoera, gure iritziz. Benetakoak izatera egundoko balio kulturala eta historikoa luketen materialak zakartegian bukatzeko arriskuan daude. Eliseo Gil Zubillaga, lehengo zuzendaria, zeinen gaitasuna, profesionaltasuna eta jatortasuna inork ez zuen ezbaian jartzen auzi negargarri hau sortu arte, infernua bizitzen ari da; grafitoen egiletzat seinalatu eta mediatikoki kondenatu dute, eta une honetan akusatuen aulkian esertzeko arriskuan dago.

Egoera honen aurrean, SOS Iruña-Veleiak zure talde politikoari auzia argitzeko asmo sendoa har dezala eskatzen dio, ondorengoa aginduz edo bultzatuz gobernutik zein oposiziotik:

1.- Diputazioak epaitegietan jarrita daukan kereila berehala kentzea.

2.- Benetakotasuna edo faltsutasuna erabakiko duten analisiak egitea agintzea, Europako prestigio handiko laborategietan.

3.- Analisien emaitzen arabera, Foru Aldundiaren 444/2008 foru-agindutik eratorritako jarduerak berrikustea edo berrestea (foru-agindua barne).

Auziak ez zuen arlo zientifikotik sekula irten behar grafitoen izaeraz ziurtasun osoa izan arte, eta orain ezinbestekoa da hasierako egoerara itzultzea. Eta gero, aspaldi eginak egon behar zuten analisiak egitea berme guztiekin.

SOS Iruña-Veleia

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu