• Astelehena, Urtarrila 30th, 2012

Hemen ere ikusgai: Erabili.com, Sustatu, Berria, Gara

Euskalari, euskaltzale, euskaldun bihotzeko, eta, garrantzitsuena, pertsona aske bat joan zaigu.

Txillardegi, herri batek  horrelako bat sortzeko hamarkada asko  behar duen horietako pertsona berezi eta ezinbestekoa izan da Euskal Herrian. Ingeniaritzaren ezagutzatik euskararen normalizazioari izugarrizko laguntza eman zion, euskara batuaren aitetako bat bihurtuz. Baina, horrez gain, euskal soziolinguistikaren aitzindari nagusia ere izan zen, ikerketa mailan (gaur egun gainditu gabe dauden azterketa garrantzitsuak utziz) zein gizartearen sentsibilizazio mailan (EHEren sortzen lagunduz).

Euskararen jatorrirako ere ekarpen garrantzitsua egin zuen, adinez nagusi izanik eta osasunez makal egonda ere, Arabako Iruñako ostrakak aztertu ondoren, egiazkoak izan zitezkeela ondorioztatu zuenean. Orduan “Iruña Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua” izenpetu zuen, beste 2.000 pertsonekin batera, horien barruan Iglesias, Elexpuru eta Mujika moduko hizkuntzalari ausartekin. Adierazpen horretan Arabako Foru Aldundiari grafitoen datazioak,  indusketa kontrolatuak egitea eta ostrakak egoera onean ote dauden egiaztatzea eskatzen ziren.

Txillardegik esan zuenez, ostraketan agertzen diren testuek ez dute zertan kontra egon behar orain arte izan dugun ikuspuntuarekin. Ostraketan agertutako aditz batzuk aipatu zituen (nor Txillardegi baino hobeto aditzen gaiari buruz hitz egiteko!), esanez, aditz forma zahar batzuen aztarnak izan zitezkeela. Txillardegik ez zuen sinatu manifestua agertu eta berehala. Antza, zalantza handiak izan zituen baina txostenak eta eztabaida ikusita, gaian sakondu eta ondorio hori atera zuen. Bere adinean eta bere egoeran, gai izan zen, berriz ere, euskalgintzan oso jende gutxik erakutsi duen mailari eusteko.

Txillardegiren jokaeraren beste muturrean baditugu arkeometria  zer den ez dakitenak, gai “zailen” aurrean lotsagabeki isiltzen direnak, euskararen historia ezagutzeko ezinbestekoak diren ostrakak ikertu nahi ez dituztenak edo Arabako Iruñako eremu oso bat hondeamakinaz suntsitu dutenak
. Horien aurrean zein beharrezkoak diren Txillardegi bezalako pertsona aske eta irekiak!

Zure falta nabarituko dugu!

Arabako Iruña Argitzeko Batzordea (Euskararen Jatorria)

—————————————————————————————————————-

Honi buruzko albiste gehiago:

- Txillardegiren gutuna Elexpururi

- Euskaltzaindia, Iruña Veleia eta Txillardegi

- Artikulu honi buruzko eztabaidan zentsura Sustatun

- Albistea blogetan eta hedabideetan: Ostraka euskalduna (bideo batzuk), Berria, Gara, Deia

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Txillardegi jator jatorriarekin10.0102
Atala: Txillardegi
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu